Martxoaren 22tik aurrera Seed Capital Bizkaia Mikrok 50.000 eurora arte handituko du startup eta mikroenpresentzako mikromaileguen zenbatekoa. Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, iragarri duenez, horrela Bizkaiko Foru Aldundiak startup teknologikoentzako eta mikroenpresentzako kredituak Europako Batzordeak onartutako muga berrira iritsi arte handituko ditu.
Era berean, Ainara Basurkok zehaztu du joan den aste honetan Seed Capital Bizkaiak akordioa sinatu duela Europako Inbertsio Funtsarekin (EIF) eta, horren bidez, Europako erakundeak datozen hiru urteetan emango diren kredituen % 80 abalatuko duela 6,5 milioi euroraino.
“Merkataritza-, ekoizpen- eta antolaketa-jarduerarekin lotutako inbertsioak eta gastuak ordaintzeko mikromaileguen kopurua biderkatu ahal izatea espero dugu. Gaur egungo testuinguruan garrantzi berezia hartzen dute mailegu horien baldintza onuragarriek; gehienez 50.000 euroko zenbatekoarekin, gehienez % 2,5eko intereserarekin (TA % 2,5235), gasturik eta komisiorik gabe eta berme eta abal pertsonalik gabe”, azaldu du diputatuak.
Mikromaileguak 5 urte arteko antzinatasuna duten startup teknologikoetara, industria-sektoreko mikroenpresetara, horiei lotutako zerbitzu aurreratuetara eta gizarte-inpaktuko mikroenpresetara bideratzen dira.